Ogasun Ministerioaren logotipoa
Kontratazio zentralizatua

Nazioarteko eremua

Espainiako kontratazioaren zentralizazioari eta kontratazioaren estatu-zentralari eman zaien bultzada Europako kontratazio publikoaren bilakaerarekin bat dator. Europar Batasuneko estatu gehienek dituzte estatu-mailako erosketa-zentralak eta zentral horiek, antolamenduaren ikuspegitik, elkarrengandik oso ezberdinak badira ere, kontratazio publikoa profesionalizatu eta espezializatzeko asmo bera dute guztiek.

2014/24/UE Zuzentarauak berak jaso du errealitate hori, adierazi baitu EBko estatu gehienetan erosketak zentralizatzeko teknikak gero eta gehiago erabiltzen direla eta Batasun mailan botere esleipen-emaileen zerbitzurako erosketa-zentralak zehaztea komeni dela. Izan ere, Zuzentarauaren 37. artikulua erosketa zentralizatuko jarduerez eta erosketa-zentralez ari da.

Arau-esparru berberaren arabera lan egiten duten Europako erosketa-zentralen artean esperientziak trukatzearren, Erosketa Zentralen Sarea (Central Purchasing Bodies Network) sortu zen, hots, Alemaniako, Austriako, Bulgariako, Kroaziako, Danimarkako, Esloveniako, Finlandiako, Frantziako, Islandiako, Italiako, Norvergiako, Portugaleko, Erresuma  Batuko, Suediako eta, 2014ko maiatzetik, Espainiako (Kontratazioaren Arrazionalizazio eta Zentralizazio Zuzendaritza Nagusiak ordezkatuta) erosketa-zentralen sare informala.

CPB-Network sareak bilera bi egiten ditu urtean, eta horietan antolamendu-eredu ezberdinak aurkezten eta erosketa-zentralak arautu eta kontratuak eta esparru-akordioak kudeatzerakoan guztiek dituzten arazoak aztertzen dira. Halaber, jarduera-adierazleak lantzen dira guztientzat, antolamenduen funtzionamendua aztertu eta horiei buruzko konparazio-azterlanak egiteko.

Erosketa-zentraletako ordezkariak ez ezik, Europako Batzordeko arduradunak ere bertaratzen dira behatzaile gisa, erakunde horrek kontratazio-zentralei Europar Batasuneko kontratazio publikoaren gaineko politikak jakinarazteko modu gisa ematen dion zeregin estrategikoa dela eta.

Gaur arte, Kontratazioaren Arrazionalizazio eta Zentralizazio Zuzendaritza Nagusia (KAZZN) hiriburu hauetan egin diren bileretara bertaratu da: Lisboa (2014), Reykjavik (2014), Paris (2015), Zagreb (2015), Viena (2016), Ljubljana (2016), Stockholm (2017), Madril (2017), Helsinki (2018),Dublin (2019) eta Oslo (2019). Azken bilera Lisboatik bideokonferentzia bidez egin zen 2020ko urrian, osasun egoera zela eta.

2017ko urriaren 19an eta 20an Madrilen izan zen CPB-Network sarearen sei hilez behingo bilera eta KAZZNri egokitu zitzaion anfritrioia izatea. Bilera hartara Europako 14 herrialdetako kontratazio-zentralak bertaratu ziren eta bileraren aztergaiak haien antolamendu- eta jardute-alderdiak izan ziren. Halaber, hiru lantalde eratu ziren, gai hauen gainean: kontratazio-sistema dinamikoak, jasangarritasuna eta zerbitzu-kontratuak esleitzeko irizpideak.

CPB-Network sarearen Madrileko bileran parte hartu zutenen argazkia

CPB-Network sarearen sei hileroko bilera Madrilen

Nazioarteko esparruan, KAZZNri hainbat ekitalditara bertaratzeko gonbit egin zaio, eta horietan kontratazio zentralizatua bultzatzeko proiektua aurkeztu du edo esperientziak trukatu ditu beste kontratazio-zentral batzuekin. Ekitaldi  hauek izan dira nabarmenenak:

  • 2018ko urriaren 29tik 31ra, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGE) Kontratazio Publikoaren Astea izan zen Parisen, eta Espainiak KAZZNren ordezkari batzuen bidez hartu zuen parte. Administrazioaren maila guztietan eta hainbat sektoretan ELGEren Kontratazio Publikoaren gaineko Gomendioa ezartzeko onurak eta erronkak izan zituen aztergai ekitaldiak.

  • 2018ko urriaren 18an, KAZZN Europar Batasuneko DG-GROWTHek (Barne Merkatu, Industria, Ekintzailetza eta ETEen Zuzendaritza Nagusia) antolatutako “Kontratazio publikoaren transformazio digitala” biltzarrean egon zen KAZZN, Lisboan. Biltzar horretan, transformazio digitalak etorkizun hurbilean kontratazio publikoan ekarriko dituen aldaketa nabarmenak eztabaidatu ziren, hori baita Batzordeko Kontratazio Publikoaren Kontratazio Estrategiaren lehentasun nagusienetako bat.

  • Europako Batzordeko Kontratazio Publikoaren Kontratazio Estrategiarekin bat etorriz eta erosle publikoen profesionalizaziorako jarduera-eremuari dagokionez, Austriako Erosketa Zentralak eta Vienako Ekonomia eta Negozioen Unibertsitateak antolatutako Kontratazio Publikoaren Bikaintasunerako lehen programan (2018ko irailaren 24an  hasi zena) parte hartu zuen KAZZNk.

  • 2018ko ekainaren 7an, Ukrainako Ekonomia, Garapen eta Merkataritzako ordezkari batzuek KAZZN bisitatu zuten, Espainiako Kontratazio estatalaren Zentralaren antolamendua eta jarduera lekuan bertan ezagutzeko, hain zuzen, kontratazio publikoaren eta kontratazioaren arrazionalizazioaren gaineko politikak ezartzeko ereduak ezagutzeko, Europako hainbat herrialdetara egin zuten bisiten barruan.

  • 2016ko apirilaren 23an, Berreraikuntza eta Garapenerako Europako Bankuak eta Tunisiako Kontrazio Publikorako Goi Agintaritzak, kontratazio publikoaren gainean, erakunde publiko eta enpresentzat antolatu zuten jardunaldian ari izan zen elkarlanean KAZZN. Jardunaldi horretan Berreraikuntza eta Garapenerako Europako Bankuko, Europako erosketa-zentral batzuetako eta Estrasburgoko Administrazio Gorteko txostengileak izan ziren.

  • Era berean, Portugaleko Erosketa Zentralak (ESPAP) KAZZN gonbidatu zuen partekatzeko zerbitzuen eta erosketa publikoen gaineko urteko II. Biltzarrean parte hartzera (2015eko abenduaren 2an izan zen, Lisboan). Biltzar horretan –batez ere, Portugaleko Ministerio eta Administrazioko erakundeentzat antolatu zena eta Portugaleko nahiz nazioarteko erakundetako adituak partaide izan zuena– Espainian CORA txostenetik aurrera garatutako kontratazioaren zentralizazioari bultzada emateko proiektuaren alderdi orokorrak aurkeztu ziren.

  • 2015eko abenduaren 2an eta 3an, Europako Batzordearekin batera lan egin zen erosketa publikoei buruzko tailer batean. Tailer hori San Salvadorren izan zen, Erdialdeko Amerikan, TAIEX proiektuen esparruaren barruan. Tailer horretara herrialde hauetako ordezkariak bertaratu ziren: El Salvador, Nikaragua, Honduras, Costa Rica, Guatemala eta Panama. Bilera haietan, kontratazio-zentralen jarduerarekin loturiko gai batzuei buruzko kontratazio eta aholkularitzako jardunbide egokiak elkarri jakinarazi zizkioten bertaraturikoek.

  • Era berean, Europako Batzordeko TAIEX taldeak –EBk batasunean sartu nahi diren herrialdeei exijitzen dizkien betekizunak betetzea errazten diharduena– KAZZN gonbidatu zuen bi mintegi aurkeztera, hain zuzen, Belgraden (Serbia), 2014ko azaroan eta 2015eko ekainean, Serbiako CPBren ordezkarien aurrean, baita erakunde publiko eta enpresetako langileen aurrean, Espainiako CPBa eredutzat hartuta, estatuko CPBa sortzeko plan estrategikoaz, eta kontratazio zentralizatuari buruzko jardunbide egokien gainean, kontratu zentralizatu konplexua, hala nola, Espainiako Estatuko Administrazio Orokorrerako bidaia-agentzien zerbitzuena, zehaztu, lizitatu eta kudeatzeko adibidean.

  • Europako Batzordeko Barne Merkatu, Industria, Ekintzailetza eta ETEen Zuzendaritza Nagusiak KAZZN gonbidatu zuen, 2015eko apirilean, Varsoviara,  proiektua Bulgaria, Ukrania eta Poloniako administrazioetako ordezkariei aurkezteko. 

  • 2014ko abenduan, KAZZNk Cartagena de Indiasen egin ziren jardunaldi hauetan parte hartu zuen: “Administrazio Elektronikoa, herritarrei zabalik. Gardentasun, partaidetza eta lankidetzan oinarritutako paradigma berri baterantz”. Jardunaldi horietan Espainiako erosketa-zentral berriaren eredua aurkeztu zen, baita horrek gastu publikoaren efizientzia hobetzeko, bermeetan eta kontratazioaren gardentasunean duen eragina ere, eta erosketa-zentral iberoamerikarren antzeko esperientzien gainean eztabaidatu zen. Jardunaldi horietan, Iberoamerikako herrialdeetako funtzionarioak egon ziren.

  • 2014ko urrian, Zuzendaritza Nagusiak, Kontratazioaren Arrazionalizazio eta Zentralizazio Zuzendaritza Nagusia burutzen ari den zentralizazio-prozesua aurkeztu zuen Europar Batasuneko Kontratazio Publikoko Adituen Taldean. Espainiako Administrazioak hain denbora gutxian eremu horretan lortu dituen aurrerapen handiak goraipatu zituen talde horrek.