Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioa
Kontratazio zentralizatua

Zalantzak

  1. Zein da esparru-akordioen eta kontratu zentralizatuen arteko desberdintasuna?

    Esparru-akordioan akordio horretan oinarritutako kontratuen baldintzak ezartzen dira, kontratu horiek esparru-akordioko esleipendunen batekin burutu beharko direlarik. Behar diren zerbitzu edo produktu zehatzak erakunde eskatzaileek adieraziko dituzte oinarritutako kontratu bat izapidetzean. Halaber, erakunde eskatzaileek izapidetutako oinarritutako kontratuetatik eratorritako gastuak kudeatzeko eskumena izango dute.

    Kontratu zentralizatuek estatuko sektore publikoko hainbat ministeriotako eta erakundetako zerbitzuak multzokatzen dituzte eta hauen agirietan ezartzen dira beharrezko zerbitzu zehatzak eta zerbitzuak emateko baldintzak. Orokorrean, kontratu hauetatik eratorritako gastuak Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioaren (MINHAP) 31. Atalari egozten zaizkio, kreditu hori Kontratazioaren Arrazionalizazio eta Zentralizazio Zuzendaritza Nagusiak (DGRCC) kudeatzen duelarik.

  2. Zein erakundek dute modu zentralizatuan kontratatzeko obligazioa?

    Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 206. artikuluak ezarritakoaren arabera, Estatuko Kontratazio Zentralizatuaren Sistema derrigorrezkoa da Estatuko Administrazio Orokorrarentzat, honen erakunde autonomoentzat, Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileentzat eta zerbitzu erkideentzat eta bestelako estatuko erakunde publikoentzat. Informazio gehiago.

  3. Ez dakit eskuratu nahi dudan produktu edo zerbitzua kontratazio zentralizatukoa den.

    Abenduaren 28ko HAP/2834/2015 Aginduan, kontratazio zentralizatuko ondasun eta zerbitzuen deklarazioaren inguruko apirilaren 10eko EHA/1049/2008 Agindua aldatzen duena, adierazten dira kontratazio-zentralaren esparruan barne hartutako produktu eta zerbitzuak eta kasu bakoitzean kontuan hartu beharreko espezifikotasunak.

    Segurtasun- eta garbiketa-zerbitzuei dagokienez, kontuan izan behar dira Aginduaren bigarren eta hirugarren xedapen iragankorrak, hurrenez hurren, kontratuen zentralizazioak, aldi zehatz batean zehar, zonalde geografiko jakinetan eta erabilera jakinetarako eraikinetan emandako zerbitzuei bakarrik eragiten baitie.

    Zentralizazioaren inguruko araudia Atari honetako Araudia atalean kontsulta daiteke.

    Atari honetako Katalogoa atalean, Estatuko Kontratazio Zentralizatuaren Sisteman eskuragarri dauden produktuen eta zerbitzuen zerrenda ageri da.

  4. Non kontsulta dezaket kontratazio zentralizatuko ondasun eta zerbitzuen katalogoa?

    Kontratazio Zentralizatuaren Atari honetako Katalogoa atalean kontratazio zentralizatua duten ondasun eta zerbitzuen zerrenda bat aurkituko duzu.

    Katalogoko artikuluak, xehetasuna eta prezioak kontsultatzeko, zoaz web orri honetara.

    Produktua xehatu gabe eta bigarren derrigorrezko lizitazioa duten esparru-akordioetan, ezin dira kontsultatu esleitutako artikuluen xehetasunak edo prezioak, horiek ez baitira ezarri esparru-akordioaren fasean.

  5. Zer egin behar dut modu zentralizatuan kontratatzeko?

    Derrigorrezko esparru subjektiboaren barne bazaude, CONECTA-CENTRALIZACIÓN aplikazioa erabil dezakezu.

    Autonomia erkidegoen edo toki erakundeen kasuan edo estatuko sektore publikoko sozietate, fundazio eta bestelako erakundeen kasuan, Estatuko Kontratazio Zentralizatuaren Sistemari atxikitzeko aukera duzu. Kontsultatu Nola atxiki atala informazio gehiago lortzeko.

  6. Zein da Estatuko Kontratazio Zentralizatuaren Sistemaren bidez produktu edo zerbitzu bat izapidetzeko epea?

    Produktu edo zerbitzu bat izapidetzeko epeak desberdinak dira bigarren lizitazio bat antolatu nahi bada.

    Erosketa zuzenen kasuan, eskaera CONECTA aplikazioaren bidez jasotzen denetik enpresa esleipendunari DGRCCaren sinadura daraman kontratu oinarritua jakinarazten zaion arte, aste batetik beherakoa da.

    Bigarren lizitazioen kasuan, prozesu osoak hilabete batetik behera iraun ohi du, eskaintzak aurkezteko gutxieneko epea errespetatu behar baita eta epe hori kontratuaren xedearen konplexutasunaren arabera eta eskaintzak baloratzeko beharrezko denboraren arabera ezarriko da (irizpide bakarra prezioa bada, balorazioa oso azkarra da). Arautze harmonizatua jarraitu behar ez duten kontratuen kasuan, epeak laburragoak izaten dira, eskaintza eskatzen zaien enpresa kopuruaren arabera (gutxienez ere hiru) eta eskaintzak aurkezteko epearen arabera, normalean laburragoa izaten dena.

  7. Esparru-akordio batean eskainitako produktu edo zerbitzu bat eskuratu nahi dut, zer egin behar dut?

    Indarrean dauden esparru-akordioetan barne hartutako produktu edo zerbitzuak eskuratzeko izapide elektronikoetarako erabiltzen den CONECTA-CENTRALIZACIÓN aplikazioan sartu behar duzu.

  8. Eskuratu nahi dudan produktuak edo zerbitzuak kontratazio zentralizatua badu ere, uneko katalogoak ez ditu nire beharrak asebetetzen.

    Kasu horretan, kontratazio zentralizaturako salbuespenaren baimena eskatu beharko duzu, DGRCCari idazki bat zuzenduz eta bertan azalduz esleitutako produktu edo zerbitzuek ez dituztela betetzen ezinbesteko ezaugarriak erakunde eskatzailearen beharrei erantzuteko. Honi buruzko informazioa lortzeko, kontsultatu Atari honetako Baimenak eta salbuespenak atala.

  9. Zer da oinarritutako kontratua?

    Esparru-akordio bat adostu ondoren, zerbitzuak edo hornidurak behar dituzten organo eta erakundeek katalogoaren barnean edo lizitazio berri baten bitartez hautatuko dute beren beharrei hoberen erantzuten dien zerbitzua edo produktua duen esparru-akordioko enpresa parte-hartzailea.

    Helburu horrekin, organo edo erakunde horrek dagokion oinarritutako kontratua proposatuko dio DGRCCari.

  10. Zer da bigarren lizitazioa?

    Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren arabera, esparru-akordio batean oinarritutako kontratu bat esleitzeko, baldintza guztiak aldez aurretik ezarri ez direnean, beharrezkoa da alderdiak lizitazio berri batera deitzea, 198.4 artikuluan adierazitako prozedurari jarraiki. Halaber, lizitazio berri bat antolatu ahalko da esparru-akordioak hori aurreikusi badu eta eskuratzearen egoera espezifikoak hala aholkatzen badu.

  11. Zein esparru-akordiotan da derrigorrezkoa bigarren lizitazio bat egitea?

    Ondorengo esparru-akordioek bigarren lizitazio bat behar dute kasu guztietan:

    • 01/2014 esparru-akordioa bulegoko, laborategiko eta geriatrikoko altzarien hornidurarako.

    • 10/2012 esparru-akordioa komunikazioetarako ekipamendu eta softwarearen hornidurarako, agirian adierazitako kasuetan.

    • 12/2014 esparru-akordioa ikus-entzunezko sistemen hornidurarako.

    • 23/2015 esparru-akordioa energia elektrikoaren hornidurarako.

    • 21/2014 esparru-akordioa automobilen erregaien 1. loteko hornidurarako.

    • 26/2015 esparru-akordioa informazio-sistemak garatzeko zerbitzuetarako.

    • 27/2012 esparru-akordioa informazio-sistemak ostatatzeko zerbitzuetarako.

    • 50/2014 esparru-akordioa komunikabideetan espazioak erosteko eta erakunde-publizitate kanpainak burutzeko bestelako publizitate-baliabideak erosteko zerbitzuetarako.

  12. Zein prozedura jarraitu behar dut bigarren lizitazio bat egiteko?

    Jarraitu beharreko prozedura esparru-akordioa arautzen duten agirietan ezartzen da eta akordio bakoitzarentzako prestatutako jarraibideetan. Esparru-akordio bakoitzaren fitxan dokumentu horietara estekak ager daitezke.

    Orokorrean, prozedura honakoa da: zerbitzuak edo hornidurak behar dituen organo edo erakundeak "bigarren lizitazio" baterako deialdia egingo du eskaera jakin baterako eskaintza abantailatsuena hautatzeko helburuarekin, dituen behar tekniko jakinen arabera.

    Zenbait esparru-akordiotan aldez aurretik DGRCCak organo edo erakunde eskatzaileak prestatutako lizitazio-dokumentua onartzea beharrezkoa izango da (ikus esparru-akordio bakoitzaren jarraibideak).

    Lizitazio honetako eskaintzak baloratzeko irizpideak organo edo erakundeek aukeratuko dituzte esparru-akordioko agirietan zehaztutakoen artean eta "lizitazio-dokumentua" deritzonean adierazi beharko dira.

    Organo edo erakunde eskatzaileek, eskaintzak baloratu ondoren, DGRCCari proposatuko diote oinarritutako kontratua esleitzea eskatzailearen beharrak kontuan hartuz eta lizitazio-dokumentuan ezarritako irizpideen arabera eskaintza egokiena aurkeztu duen lizitatzaileari.

  13. Zer dira kontratazio zentralizatuaren salbuespenak?

    Baldintza eta egoera jakinetan, posible da erakunde batek Estatuko Kontratazio Zentralizatuaren Sistematik kanpo kontratatzea. Salbuespen hauek DGRCCaren baimena behar dute, salbuespena eskatu duen erakundeak aldez aurretik arrazoiak justifikatu beharko dituelarik. Honi buruzko informazioa lortzeko, kontsultatu Atari honetako Baimenak eta salbuespenak atala.

  14. Enpresa batek Estatuko Kontratazio Zentralizatuaren Sisteman jasotakoak baino baldintza hobeak eskaintzen badizkit, nire kabuz kontrata dezaket?

    Kontratazio zentralizatuaren esparru subjektiboaren barne bazaude edo zerbitzu edo hornidura jakin horretarako sistemari atxikita bazaude, ezin da sistematik kanpo kontratatu, Estatuko Kontratazio Zentralizatuaren Sistema erabili beharra dago. Produktu edo zerbitzu horien beharrak sisteman jaso ez badira, salbuespenaren baimena eskatu ahalko da Estatuko Erosketa Zentraletik kanpo kontratatzeko.

  15. Produktu edo zerbitzu baten inguruko behar espezifikoak izatekotan, enpresekin negoziatu ahal ditut esparru-akordioan edo kontratu zentralizatuan jasotakoen desberdinak diren ezaugarriak?

    Zenbait esparru-akordiok agirietan jasota dute behar espezifikoak gehitzeko aukera, esaterako, informazio-sistemen garapenerako zerbitzuen esparru-akordioan. Batzuek produktuen osagarriak gehitzeko aukera aurreikusi dute, esaterako, ibilgailu industrialen esparru-akordioak garabi edo kamioi bat gehitzeko aukera ematen du. Beste batzuek bolumenaren araberako deskontuak eskuratzeko aukera jasotzen dute, esaterako, ordenagailu eta bulegotika-softwarearen esparru-akordioak. Laburbilduz, zure behar espezifikoari dagokion produktu jakin horren agiriak irakurri beharko zenituzke.

  16. Eskuratutako hornidura edo zerbitzuarekin arazoak izatekotan, nola izapidetu dezaket bermea?

    DGRCCari eskatu behar zaio, arazoak eman dituen eskabidearen espedientea adieraziz eta arazoen justifikazio frogagarria aurkeztuz.

  17. Sisteman arazoak izatekotan, norekin jar naiteke harremanetan??

    Jarri gurekin harremanetan atalean aurkituko dituzu zalantzak eta iradokizunak helarazteko postontziak.

  18. Katalogoko enpresa guztiei eskaintza eskatu behar al diet?

    Erakunde batek esparru-akordioko enpresa esleipendunak bigarren lizitazio batera deitzen dituenean:

    • Kontratuak ez badu arautze harmonizatua jarraitzeko beharrik (gaztelaniaz "NO SARA" kontratu gisa ezagutzen direnak eta 135.000,00€-tik beherako lizitazio-aurrekontua dutenak, BEZa kanpo), eskaintza hiru enpresari (gutxienez) eskatzeko aukera egongo da, betiere erabaki hori espedientean behar bezala justifikatzen bada.

    • Kontratua arautze harmonizatuaren araberakoa bada (gaztelaniaz "SARA" kontratu gisa ezagutzen direnak eta 135.000,00€-ko edo hortik gorako lizitazio-aurrekontua dutenak, BEZa kanpo), eskaintza eskatu beharko zaie dagokion agirian xedatutakoaren arabera hornidura burutzeko gai diren esleipendun guztiei.

  19. Arautze harmonizatuaren araberakoak ez diren kontratuetan, zer gertatzen da hiru enpresek eskaintza aurkezten ez badidate?

    Dagokion esparru-akordioan oinarritutako kontratuentzako lizitazio-jarraibideak edo aplikatu beharreko irizpidea kontsultatu beharko dira.

  20. Eskaria multzokatzen den kasuetan, hortik kanpo gera al naiteke eta nire kabuz erosi?

    Eskariaren multzokatze-prozesu bati ekin aurretik derrigorrezko zentralizazioaren esparruko erakundeen behar komunak aztertzen dira eta baita behar horiei erantzuteko multzokatuko diren ondasunek bete beharreko ezaugarriak ere. Beraz, ezin dira ondasun horiek berak eskuratu multzokatze-prozesuetatik kanpo. Prozesu hauen helburua da, alde batetik, erabilera komuneko ondasunen erosketak arrazionalizatzea dituzten ezaugarri komunak aztertuz eskaera handi bat egin ahal izateko, eta bestetik, bolumen handiko salmentei esker enpresa esleipendunek lortzen dituzten eskalako ekonomiekin aurreztea.